Begoña del Teso ren txokoa.

Hainbat dira CARITAS GIPUZKOAren Kitzin dendan dauden produktuak. Eskuragarri dituzu guztiak. Horregatik, ez dira gutxi ere, bertara erostera joaten diren pertsonak. Baita web bidez ere.

Produktuen inguruko informazioaz gain, gaurtik aurrera, testu idatziz ere jasoko duzu Kitzinen berri. Begoña del Teso lagunak, egitasmoarekin bat egin, eta aurrerantzean, CARITAS GIPUZKOAren Kitzin dendaren inguruko hamaika kontu jakinaraziko dizkigu blog honen eskutik.

Begoña, ongi etorri, eta Kitzineko produktuek ON egin diezazutela! 

Gurea da kafea, gureak dira lurrak

Munduan zehar ibilitakoak, beste negozio gizonekin tratuetan beti, Veneziako merkatariek aurkitu egin zuten kafea Abisinian  XVII mendearen hastapenetan. Aurkitu eta Europara ekarri. Apaizek ezkerreko begiz begiratu zuten edari beltz hura eta deabruaren kontua zela erabaki. Baina, eskerrak goiko edo beheko Jaunari, Clemente VII. Aita Santua sorgindu zuen edabe bizkorgarriak, eta katilu bat edo bi hartzea ez zedin bekatua izan bataiatu zituen kafeto landareak. Handik aurrera, kristau zintzoek infernuarekin  kezkatu barik eman zioten kafe gozoa edateari.

Gero  gerokoak. XVIII. mendea hastear zela, landatu ziren lehenbiziko kafeto landareak  Ameriketan.

Horiek  aspaldi zaharreko  istorioak dira. Orain oraingoak, berriz, hemen komentatzen ditugunak. Alde batetik, hainbeste oinaze jasan izan ditu eta jasaten ari den Nikaragua lur ederrean, Aldea Globalek aurrera daraman, arrakasta handiz, proiektua. Miresgarria dirudi  baina sustrai sendoak ditu lurrean:  kafea landatzen, zaintzen eta biltzen duten  emakumeak lur garai haien jabeak dira, apurka baina erritmo biziz, bilakatzen. Beraiek jabegoa izanik, inork ezingo du soro horiek alferrik  galdu edo apustu-ordain sari bezala erabili.

‘Tierra Madre. Café Mujer’ hartzen duzunero, Nikaraguako emakume bat bere lurraz, bere negozioaz, bere bizitzat, bere orainaz eta etorkizunaz jabetzen da. Indarrez. Urguiluz.

Mundu osoko zaleek planeta osoko kafeak gozatu nahi dituzte. Munduan zehar gero eta bizitzarekin eta hurkoarekin konpromiso handia hartutako txigortzaile gazte gehiago dago. Berlinen, Donostian bezala, Polonian zein Balmasedan. Jasotzen dituzte euren lokaletan kafe aleak eta han, errespetu osoz, txigortu. Mexikoko Chiapasen  Yomola´tel elkarteak aurrera daraman proiektuak badu zerikusirik  joera moderno horrekin baina, aldi berean, ezberdina da.

Izan ere, Chilon herrian kafe ekoizleek ez dute bakarrik fruitua lantzen, zaintzen eta biltzen baizik eta guk, gustuz, pasioz dastatzeko ezinbestekoa den prozesu osoa gobernatu. Herriko lantegian lehortzen da kafea. Harrotu. Eta herriko  Kafe Eskolan ikasten dute txigortzen. 

Chilonen sartzen da paketetan, Chilonen egiten dira mundu osoko erosleekin tratuak. Chilonen  hartzen da bertako produktua badute eta tokiko kafetegia. Chiloneko biztanleek, berariek, bidaltzen digute Capeltic kafea Donostiako Kitzin dendara.

Abisiniatik ekarri zuten kafea Veneziarrek. Ameriketatik datorkigu  bueltan orain. Bidezko Merkataritzaren  eta Ekonomia Solidarioaren bitartez. Kafe on batek ekarriko ote mundu hobeagorik?

Domingo Lunes Martes Miércoles Jueves Viernes Sábado Enero Febrero Marzo Abril Mayo Junio Julio Agosto Septiembre Octubre Noviembre Diciembre